Gaur goizean burutzekoa zen hamabi lagunen kontrako epaiketaren harira prentsaurrekoa eman dute Iruñerria Piztera Goaz ekimeneko kideek. Hain zuzen ere, 2007ko maiatzean Piztera mugimenduaren baitan gaztetxeak aldarrikatu eta Xabier Errearen kartzelaratzea salatzeko egin zen eserialdi batengatik, hamabi laguni bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zitzaien, gaurko hitzartuta zegoen epaiketan. Auzipetuei babesa erakutsi eta gisa hontako gizarte mugimenduen kriminalizazioa salatuz, ehun bat lagun bildu diraAuzitegiko atarian. Gaur jakin da epaiketaren data berria irailaren 17a dela.
Epaiketa salatu eta ezagutarazi asmoz "Nik ere egin nuen" kanpaina antolatu da hilabete osoan, eta agertzekoa da oihartzun zabala izan duela Iruñerriko gizartean, bai eta hortik haratago ere. Gizartearen zati handi batek desobedientzia ekintza honengatik kartzela zigorraren gehiegikeria ikusi du, eta kanpaina bera Iruñean UPNren Udal taldearekiko eta berak gidatutako Udaltzainekiko dagoen haserrearen eta ezinegonaren adierazle izan da.
Bi urtez gaurko epaiketa itxaroten egon ondotik, bi egunen faltan jakinarazi zitzaien atzeratzeko erabakia. Horrek sortutako ezinegona adierazi dute gaur goizean Pizterako kideek: "Gure berehalako etorkizuna ere atzeratua geratzen da. Datorren urtean ikasten, lanean edo Iruñeako gartzelako lekua betetzen egongo ote gara?". Guztira gisa berean auzipetuak izan direnak 86 lagun direla gogorarazi dute. Hala eta guztiz ere, irmo agertu dira Auzitegiaren aitzinean, eta hala jakinarazi dute: "Epaiketa hau atzeratu dute baina atzeratzen ez dena eta agortzen ez direnak gure aurrera jarraitzeko gogoak dira. Egin genuen eta berriro egingo dugu. Beharrezkoa den bitartean". "Zer egiten dugu berriz ere epaitegietako atean?"
Hausnarketa hori agertu dute Pizterako lagunek. Izan ere, euren ekimena gizarte aldarrikapena izanik, ulertezina -eta onartezina- zaie Auzitegietara deitzea: "Ez dugu ulertzen zein irtenbide eman diezaioketen epaile, fiskal eta poliziak gaztetxe baten eskaerari eta hiriko gainerantzeko gizarte aldarrikapenei. Gure lekua ez da ez epaitegia eta ez gartzela ere. Gure lekua gure auzoetako kaleetan dago. Ez epaiek, ez isunek ez jipoiek ez dute lortuko guk gure asmoiei uko egiterik".
Asmo horiek ere azaldu dituzte gaurko agerraldian: "Gazte eta ez hain
gazteentzako gune autogestionatuen beharra errealitate bat da. Jende asko gara kaleetan guztiontzako gune irekiak aldarrikatzen jarraitzeko prest gaudenak. Arnasik ere hartu ezin den Iruñea honetan gaztetxeetako haize freskoa nahi dugu".
Itotze horren eragile zuzenak direnak ere izendatu dituzte, agerraldia
Udaltzainen jarrera salatzeko ere baliatu baitute: "Nik ere egin nuen”
kanpainan parte hartzen zuen edonor edo kanpainarekiko txikimendua azaltzen zutenak identifikatzen aritu baitira. Identifikatzen saiatzen dira Piztera inor ez garenean, edo une konkretu batean … edozein izan gaitezkenean".
Piztera ekimenak hiriari kolorea emateko duen gogoa eta hein handi batean, ahalmena, gaur ere agerian gelditu da; Auzitegiaren ataria bezalako eremu grisean, kasko eta kaputxadun Foruzaingoaren polizien hurbileko kontrolpean, eta kartzela zigorrak eskatzen diren epaiketak gogoan izanda ere, kantuan jarri dituzte auzipetuei babesa erakusteko elkarretaratzean parte hartu dutenak. Kaleen erabilera irekia eta okupazioa oinarri zituzten kantuak aditu ahal izan dira Iruñeko Auzitegiaren atean. Prentsa-agerraldiaren hasieran berriz, eserita kantatu dute, epaitu nahi duten Labrit-eko eserialdia gogoan.
"Nik ere egin nuen" kanpainari babesa erakutsi diotenen izenak aipatu dira prentsaurrekoan. Besteak beste, Pepe Beunza (frankismo garaian lehenengo kontzientzia objetore antimilitarista), Begoña Huarte (18/98 plataforma), Ainhoa Aznarez (Martxoak 8 Batzordea), Carlos Taibo, Enrike Villareal "El Drogas", Miguel eta Kutxi Romero, eta unibertsitateetako irakasleak,e spainiar Estatu osokoak.