
Gaur prentsaurreko honetan, Iruñerria Piztera Goaz-eko kideok parte hartzen dugu. Aurreko martxoan bezala, “eseraldia” eta desobedientzia zibila borrokarako tresna moduan erabili dituzten talde ezberdinetako jendea dago gurekin. Martxoan, 80. hamarkadan zabortegiaren aurka aritu ziren Aranguren Bailarako biztanleak, intsumisioaren mugimenduko ordezkariak, Solidarias con Itoitz taldeko kideak, Martxoak 8ko Batzordeko emakumeak eta Koxkako langile kanporatuak gure mahai beran eserita izan genituen.
Gaur, guzti hauek hemen daude gurekin, baina gure alboan eserita ditugunak desobedientzia eta eseraldia borrokarako tresna bezala erabili zituzten beste talde edo kolektibo batzuetako ordezkariak dira. Oraingoan, Motor Ibérica-ko langileak, Sanduzelaiko bizilagunen batzarra, udal ikastoletako gurasoak, Ubarminen 80.hamarkadan borrokan egon ziren langileak eta 18/98 sumarioan inplikatuak eta errugabetuak izan diren ordezkariak ditugu hemen gurekin. Gainera, martxoan bezala, Iruñeako egitura politiko eta sozial ezberdinetako ordezkariek laguntzen gaituzte.
Gogoratuko duzuen bezala, duela bost hilabeteko gure hitzorduaren asmoa eseraldi baketsu batean parte hartu eta trafikoa eteteagatik gartzela zigor eskaerapean epaituak izango ziren 12 lagunen ohiartzuna azaleratzea zen.
Gure jatorria gogoratzearren, esan behar, Euskal Jai Gaztetxearen desalojoa dela eta, Iruñeako arroan gune autogestionatuen beharra aldarrikatzen zuen mugimendu bat jaio zela, eta honen harira Iruñerria Piztera Goaz ekimena sortu zen.
Testuinguru honetan, 2007ko maiatzaren 16an, 50 pertsona inguruk gaztetxeen aldeko bizifestazio batetan parte hartu genuen. amaiera, Amaia eta Labrit kaleen arteko bidegurutzean egin zen eseraldi batekin eman zitzaion. Gainera ekintza sinboliko bat burutu zen, bi lagun bidoi batera kateiatu ziren trafikoa eten zuten .Etenaldi honek 20 bat minutu iraun zituen eta edozein istripu ekiditzeko derrigorrezkoak diren neurriak hartuz burutu zen, hau da, larrialdietako hirukiak eta txaleko isladatzaileak erabiliz.
Hilabete batzuk beranduago, berrogaitamar lagun haietariko 12 auziperatuak gaude eseraldi hartan parte hartzeagatik. Fiskalak gutariko bakoitzarentzat bi urte t'erdiko gartzela zigor eskaera egin du, bai atxilotuak izan ziren hiru lagunentzat eta bai identifikatuak izan ziren bederatzi lagunentzat ere. Bederatzi hauen identifikazioak kale hauen bidegurutzean dauden trafikoko kameren bidez burutu ziren. Gartzela zigor eskaera bi urtetik gorako denez, eta honek berehala espetxeratua izatea suposatzen duenez, eseraldi batean parte hartzeagatik 12 lagun espetxera joan daitezke. Hau da, gune autogestionatuen aldeko, ekintza publikoa, politikoa eta bortizkeriarik gabekoa izanik, festa giroan eta edozeinen parte hartzera irekia dagoen ekintza izanik.
Ekintza honen inguruan nabarmendu nahi dugun gauzetariko bat une honetan Polizia Munizipaleren buru den eta hain eztabaidatua den Simon Santamariaren agerraldia da. Berak pertsonalki parte hartu zuen ekintzan, zenbait bideotan ikus daiteken bezala, han geundenon segurtasuna arriskuan jarriz. Beste gauza batzuren artean, bi lagunak loturik zeuden bidoia mugitu zuen, beraietariko bati ostikadak jo zizkion eta bidoiaren gainean oinetakoak lotu zituen horrela hain berea eta hain ohikoa den harrokeria eta nagusitasuna erakutsiz. Jarrera hau dela eta hain zuzen, Iruñeako Udaleko taldeek bi aldiz eskatu zuten bere egozketa PSNk joan den astean bere jarrera koldarra agertu arte.
Epaiketa honetan Simon Santamariak lekuko bezala parte hartuko du eta guzti hau berak zuzentzen duen Polizia Munizipalaren jokaera eztabaidatzen ari den une berean. Beti ere, eta hainbat aldiz salatu dugun bezala Yolanda Barcinaren agindupe zuzenean. Guretzako, Simon Santamariak eta Polizia Munizipalak zer ikusi handia dute mugimendu sozialen inguruan areagotu den errepresioan. Bertan koka ditzazkegu epaiketa honetako gartzela zigor eskaera haundiegiak eta badirudi oraingoan ez garela beste kolektibo batzuk eta gu hori diogun bakarrak.
Martxoan, egoera hau salatzeko, “Nik ere egin nuen” kanpaina martxan jarri genuen. Bertan John Lennon, Gandhi edo Rosa Parks-en jatorri erreibindikatiboan kokatzen saiatu ginen. Bortizkeriarik gabeko desobedientzia zibila mugimendu sozialek asko erabili duten tresna dela erakusten zuen eta aldi berean eseraldi batean parte hartzeagatik espetxeratua izateak suposatzen duen injustizia salatzen zuen. Horretarako jende ezberdin askoren parte hartzea eta Nafarroako nahiz beste komunitate autonomo batzuetako mugimendu soziletako babesa izan genituen. Kominikazio ahalegin handia egin zen :Nafarroako auzo eta herrietan afixak, eseraldi birtual bat eratu (www.yotambienlohice.com) zen, eta Nafarroan zehar Diagonal aldizkariaren 10.000 aleren banaketa.egin zen.
Guzti honekin uste dugu argi geratu zela gune publiko autogestionatuek eta desobedientzia bidez hauek aldarrikatzeagatik kriminalizatutako gazteek jaso zuten babesa. Publikoki galdetu nahi dugu, hain zuzen ere, epaiketaren atzerapenak ez ote zuen zer ikusirik izan kanpainak izan zuen ohiartzunarekin.
Orain hemen, beste kanpaina bat aurkezteko gaude: “Leku Santuetako Okupazio Andra Mari Maitea”. Ideia honekin guneen okupazioaz eta bere esanahiaz hitzegin nahi dugu baina ironiaz. Gai honetaz berriro mintzatu nahi dugu zeren mugimendu hau da 2004ko Euskal Jairen desalojo ostetik kriminalizatzen saiatu direna. Bartzelona, Malaga edo Madrid bezalako hirieran okupatzeak delitu izaten jarraitzen du baina ez gartzela joateko arrazoi. Iruñan, aldiz, kalean esertzea espetxera joateko modu bat izan daiteke. Eta espetxera joateko arrisku larrian daude Irailaren 17an epaituak izango diren hamabi lagunetatik hiru, izan ere, aurrez beste epai batzuk dituzte Euskal Jaieko desalojoan desobedientzia ekintzen bidez parte hartzeagatik.
Hemen ditugun beste garaietako borroken ereduak, gaurko lorpenak dira. Espero dugu, hemendik 20 urtetara zentru sozial edo gaztetxez hitz egiten denean, lorpen moduan isladatzea. Honekin esan nahi duguna zera da, desobedientzia eskubideen lorpenerako zilegizko tresna bat dela, eta berauren erabileraren bitartez Iruñean Administraziotik kanpoko sortuko diren kudeaketa kolektiboko esparru publikoak ikusteko parada izanen dugula.