Hizkuntzak

Gaur, irailaren 11a ostirala, Leku Santuen Okupazioaren Andramariren lehenengo prozesioa egin da Iruñean, Iruñerria Piztera Goaz

ProcesionArgazkia: Ekinklik
Gaur, irailaren 11a ostirala, Leku Santuen Okupazioaren Andramariren lehenengo prozesioa egin da Iruñean, Iruñerria Piztera Goaz-ek prestatutako izen bereko kanpainaren barrenean. Ehun bat sinestun Katedralaren ondoko San Jose Plazan bildu dira, eta predikatzailearen hitzei segituz, Okupazioaren Andramariren agertzea itxaron dute, otoitzen artean. Katedralaren aurreko balkoi batean agertu da gaurkoan, aurreko egunean Zaldi Zurian egin zuen bezala, eta jarraian sinestunen artera jaitsi da, Kuria kalean behera abiatuz prozesioari hasiera eman zaiolarik. Mercaderes kalea iragan eta Txapitelan gora Gaztelu Plazara iritsi da prozesioa. Bide osoan autogestioaren alde, desobedientzia aldarrikatu, espekulazioa salatu eta okupazioaren alde egin da, ordu hortan kalean zebilen jendetzaren artean ikusmira handia sortuz.

Behin Gaztelu Plazara iristean, pankarta erraldoiak agertu dira bi eraikinen aurrealdean, Argazkia: EkinklikArgazkia: Ekinkliketa prozesioko parte-hartzaileen artean animo oihuak sortu dira. “Barcinak kartzelaratu nahi gaitu” eta “Gaztetxea bai, hemen eta Barañainen” zioten pankartek. Une hortan sei lagun kioskora igo dira, bertan kateatuz. “Gutxi falta da: Iruñeko Gaztetxea” zioen pankarta agertu da bertan. Gisa hortan “okupaturik” gelditu da Gaztelu Plaza. Kioskotik ekintzaren berri eman da: Hurrengo ostegunean eserialdi batengatik hamabi lagunen kontra eginen den epaiketa salatu da, horietako hamaikak bi urte eta erdiko kartzela zigorrari aurre egin beharko baitio, eta beste batek berriz, 4 urteko zigorrari. Kalean ekitaldiak burutzeko debekuak gaitzetsi dituzte, Udalak zigorren bidez ateratako dirutza “kalkula ezina” dela nabarmenduz, bai okupazio mugimenduari dagokionez, bai eta gainerako kolektibo sozial eta kulturalei dagokienez ere. “Txantaia ekonomikoa” salatuz, desobedientziaren aldeko deia egin dute kioskotik.

Behin ekintza amaitutzat ematen ari zela, hogei bat Polizía Nazional kioskora igo dira peloteroak eskuan, eta bertatik kateatuak zeudenetako lau lagun atxilotuak eraman dituzte. Gaua komisaldegian emanen zuten, “desordena publikoaren” akusaziopean, eta biharamunean epailearen aurretik pasatzekoak dira.

Hurrengo deialdietan parte-hartzera gonbidatzen zaituztegu:

Irailaren 15a: “Indarkeriarik gabeko 500 ekintza” liburuaren aurkezpena, 20.00etan Hormiga Atomica liburudendan, Sabino Ormazabal egilearen eskutik.

Irailaren 17a: 9.00etan elkarretaratzea Iruñeko Auzitegiaren aurrean, 9.30etan hasiko den hamabi lagunen kontrako epaiketa salatzeko.

Irailaren 19 a: 12.00etan Bizi-festazioa Nabarreriatik. 19.00etan Manifestazioa Autobus Geltoki Zaharretik.