Hizkuntzak

Mani-prozesioaren kronika

ManiprocesionManiprocesioa "Okupazioaren Andramariren" kanpainari amaiera emanez, gaur arratsaldean mani-prozesioa egin da Iruñean okupazioaren alde abestuz. Iruñerria Piztera Goaz-en kantu taldeak ohi baino tamaina handiagoa izan du gaur, musika ekipo ta guzti atera baita kalera, eta parte-hartu duten hamarnaka lagunak ere ibilbidean banatu diren kantutegiak hartu eta abestera animatu baitira. "Okupazioaren Andramarik" ireki du "Eserialdi batengatik kartzelara? Gutxiago falta da: desobedientziaz gaztetxea!" pankartaren atzean Autobus Geltoki zaharretik atera eta Gaztelu Plazarantz abiatu den ibilaldia. Andramariren ikurrek, Yolanda Barcinak eta Simon Santamaria buru duen Udaltzaingoak zuzendutako hiri-politika salatzen duten abestiek eta artzapezpikuaren eta damututako udaltzainaren eta espekulatzailearen pertsonaiek irribarre asko atera dituzte kalean zebiltzanen artean, tarteka mani-prozesioaren festan parte-hartzera ere animatu direlarik. Gaztelu Plazatik San Agustin kalera zuzendu da ibilaldia, eta bertan geldialdia egin da, Euskal Jai-en lekua betetzen duen eta laster irekiko den "Aquavox" eraikinaren aurrean. Pareko balkoi batetik "damututako espekulatzaileak" gisa hortako eraikinak egitea salatu du, eta horren ordez gaztetxeak irekitzeko deia egin duManiprocesioaManiprocesioa.

Handik Merced kalean barrena Jesus y Maria elizaraino joan da prozesioa, eraikin hau ere behin behineko gaztetxetzat okupatu zela gogoratuz. Bertan "artzapezpikuak" gaztetxea lortzeko indarrak biltzeko deia egin du, eta behin animoak piztuta, Curia kalean behera Udaletxe Plazara iritsi da mani-prozesioa. Bertan abesten eta okupazioaren alde "otoitz" egiten segitu da. Amaieran Iruñerria Piztera Goaz-eko kideek joan den ostegunean Labriteko eserialdiarengatik hamabi lagunen kontra egindako epaiketa gogoratu dute, hurrengo urriaren 1ean segituko duena. Rozalejo Jauregia okupatzeagatik 40tik gora lagun auzipetuak daudela eta beste hiru laguni Zapateria 40 eraikinean kateatzeagatik 10 hilabetetako kartzela zigorra eskatzen zaiela ere eman da jakitera. Piztera-tik desobedientziaren bidean segitzeko konpromezua berretsi eta gaztetxearen aldeko mugimenduan parte-hartzeko deia luzatu dute.

Mani-prozesioan gaur goizean Jito-Alai frontoian atxilotutako sei lagunak gogoan izan dira, horiekiko elkartasuna behin eta berriz erakutsi delarik. Ezinegona nabaria zen Iruñeko kaleetan, Chinchilla komisaldegian zeudela beste berririk ez baitzen sei gazte horien inguruan.

Maniaren bukaeran irakurritako testua:
Lehenik eta behin gure elkartasuna erakutsi nahi diegu gaur goizean Jito Alaien atxilotuak izan diren sei lagunei. Momentuz ez dakigu ezer beraiei buruz, Chinchillako komisaldegian segitzen dutela besterik.

Bi urte t'erdi pasa dira autogestionatutako guneen alde, protesta moduan, galtzadan eseri ginenetik. Bi urte t'erdiko ezinegona, hori bera zigorra delarik. Fiskalak eskatzen dituen bi urte t'erdiak bezala. Eta egoera hau Rozalejo jauregia okupatzeagatik auzipetutako 40tik gora lagunengana edota Zapateria 40 eraikineko balkoian kateatzagatik 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zaien hiru ekintzaileengana zabaltzen da. Hiri hontan gizarte-aldarrikapenei kartzela zigorrekin, isunekin edota porra-kolpeekin erantzuten zaie.

Guzti hau ez zaio urrunekoa Barcinak babestutako Simon Santamariak zuzentzen duen Udaltzaingoari. Joan den irailaren 17ko epaiketan ikusi ahal izan genuen Santamariaren jarrera, auzitegian inolako lotsarik gabe gezurretan aritu zena. Beraiek arau propioak errespetatzen ez badituzte, zer espero dezakegu gainerakoek? Fiskalaren jokaera ere salatu nahi dugu, berak aukeratutako lekukoak ez zeudela eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu baitzuen. Akatsa berea da, baina guk pairatzen ditugu ondorioak.

Elkartasuna adierazi diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, bai kolektiboei bai eta norbanakoei ere. Babes hori da aurrera egiten laguntzen diguna eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren aldeko konpromezuan berresten gaituena.

Iruñerria Piztera Goaz-ek beti gune autogestionatuen eta “Pacto cívico” deiturikoa desegitearen aldeko apustua egin du, festa-ekintzen eta desobedientziaren bidez. Okupazioaren Andramarik beragan sinesten dugula erakutsiz kaleak okupatzeko eskatzen digu, horrela gaztetxea lortu ahal izateko. Eta gaztetxerako bidea guztien artean eraiki nahi dugu; horregatik babesa eman diguzuenon sentsibilitate ezberdinak bilduko lituzken parte-hartze zabala piztea gustatuko litzaiguke.