Idiomas

Urtarrilaren 18a, “Barcina idiota, los gaztetxes no se tocan” esatearen ondorioz epaitegietara berriz

Joandako urtarrilaren 18an epaiketa berri bat pairatu zuten Piztera!-ko bost ekintzailek, udaletxe aurrean Yolanda Barcina alkatesaren gaitzezpen ezaren kontrako ekintza burutu izanagatik.

ekintza ekintza
Egun hartan udal bilkura ospatzen ari zen udaletxean. Bertan, udal bilzarraren gehiengoaren eskabidearen kontra, Simon Santamaria poliziaburua karguan mantendu izanagatik alkatesa gaitzestea eztabaidatzen ari zela.

Behin eta berriz eskatu bada ere, egun, ibilbide deitoragarriko militar honek gure hiriko udaltzainen burua izaten jarraitzen du, errepresio politikorako tresna bilakatuz bizilagunon zerbitzura egon beharko zukeen funtzionario armatuek osatzen duten talde hori. Simon Santamaria da Iruñeako Udaltzaingo eredu errepresiboaren errudun nagusia, UPNren politika zapaltzailearen babesean eta herritarron borondatearen kontra. Kasu honetan berriz ere, PSNren elkarkeriarekin, Barcinaren gaitzespena ez zen aurrera atera.

Udal biltzar ilun hartan gertatzen ari zena salatzeko asmoz, Iruñerria Piztera Goaz!-eko bi kide Udaletxeko ateetara kateatzen saiatu ziren, udaltzainen bortizkeria medio lortu ez zutelarik. Bitartean beste ekintzaileek “Barcina encarcela a la crítica” leloadun pankarta zeramaten eta “Barcina idiota los gaztetxes no se tocan” abestu zuten besteren artean.

Ekintza hura burutu izanagatik bost pertsona epaitu zituzten urtarrilaren 18an, “Desordenes publicos” eta “Falta de respeto debida a la autoridad” ustezko faltak atxikitzen zizkiela fiskaltzak, guztira 640€-ko egun-isuneko zigor eskakizunekin.

Honekin batera Halabedi, Tas Tas eta Eguzki irrati libreetan egindako elkarrizketarako lotunea uzten dizuegu, bertan epaiketa honi eta gaztetxen aldeko ekmimenari buruzko hainbat gogoeta aurki ditzakezue.

Neurrigabeko udal errepresioa jasaten ari gara desobedientzia zibileko hainbat ekintza burutu izanagatik, erabat zilegizkoa deritzogun borrokan. Kartzela zigorrak eskatzen zaizkigu eserialdi bat gauzatu edota garabi batera igotzeagatik, gure aldarrikapen politikoak kaleratzeko egokiak deritzogun medioak erabiliz: publikoak eta ez bortitzak.

Errepresio honek hiru ildoetatik jarraitzen du: Ekonomikoa, poliziala eta judiziala.

Ekonomikoa: Isunak kontutan hartu gabe, tartean epaitegiek 12.530 euro ordaitzera zigortu gaituzte. Honi gehitu behar zaizkio 45.149 euro gehiago oraindik irekiak dauden prozesuetan.

Poliziala: Udaltzaingoen gehiegikeriak jasan beharra, baimenik gabeko edonolako adierazbiderako aukera guztiak itxiz. Atxiloketak, isunak, miaketak, mehatxuak, ...etab. Biodegabekerien zerrenda luzea da.

Judiziala: Gure ekintza guztiak epaitegietan amaitu ohi dira, hainbat gazteon kontra prozesu penalak irekiz. Bide administratibotik zigortuak izan zitezkeen haiek ere, isunetaz gain, epaitegietan gauzatzen dira fiskaltza eta udaltzainen lan miresgarriaren ondorioz, atestatu sinesgaitzei esker. Bidean lortutako hainbat absoluzio dira honen lekuko.

Gauzak honela, gure lana gogor eta gogoz aurrera jarraitzeko erabaki irmoa dugu, udaletxe honen jokabide zikina eta gurearekin batera hainbat kolektiboek jasaten duten errepresioa salatzeko asmoz. Argi daukagu, aurten Iruñeak gaztetxea izango du berriz. GAZTETXEA BADATOR !!